Iniciar sesión

Zer da Lana?

línea de trabajo Antonio Blay

1.- Oinarizko Kontzeptuak.

Lan honen helburua gizakiari bere berezko kontzientzia-egoera bueltatzea da; egoera honetan bere izate esentziala gauzatu ahal izango du: ikusteko gaitasuna (ADIMENA), maitatzeko gaitasuna (MAITASUNA) eta egiteko gaitasuna (ENERGIA).

Gure lehen haurtzaroan gaitasun esentzial hauek espontaneoki erabili genituen. Hale ere, laster batean arrakastara eta botere sozialera zuzendutako hezkuntzak lurperatu egin zituen; hezkuntza hori gurasoengandik jaso genuen ia oharkabean. Irentsi egin behar izan genuen gure espontaneotasuna eta gure berezko izateko era eta bilakatu “norbait izateko” proiektua. Proiektu horrek harrapatu egin gaitu betebeharrez, erantzukizunez, presioez, beldurrez eta larritasunez betetako sare batean, beti espero genuen posizioa edo onarpena lortu ez izanaren sentsazioa lagun dugula.

Funtsean, Lanak egitate hori azaleratu nahi du eta, ondoren, geure errealitate pertsonala berriro aurkitzen lagundu. Era honetan izan ahal gara geure esistentziaren protagonista ipuin baten pertsonajeak bezala jokatzeari utziz, fikzio horretan murgilduta bizitzeak zaputza eta etsipena baino ez baitakartza. 

Antonio Blayren ildoaren ekarpen nagusia baieztapen hau da: egoa edo pertsonajea haurtzaroan gure buruan edo gogamenean artifizialki sortutako anomalia baino ez da. Eta, artifiziala den neurrian, objetibatu eta ezabatu ahal da. Eskaintzen dugun Lanak helburu horretara garamatza: ni neu izatea berriro ere; horren ondoren bideak kontzientziaren garapenarekin jarraitzen du. Hori bai, bide guztia norberak burututako bizitza-esperientziaren emaitza da, ez besterik.

 

2.- Lanaren iturri eta alderdi nagusiak.

Lan honi ekin nahi dionari oso ondo antolatuta eta egituratuta dagoen  sistema aurkezten diogu. Sistema hau Jordi Sapés Lemak, Blayren irakaspenetan oinarriturik (bere ikasle zuzena izan zen bost urtez), hogeita hamar urtetik gorako tartean egin duen lanaren emaitza da. Ibilbide honetan, bere bizi-esperientziaz gain, azken urteotan bidelagun izan garen askoren esperientzietatik ere ikasi egin du, zailtasun eta arazo guztiak jakituria- iturri paregabea baitira. 

Proposatzen den dinamika guztiz praktikoa da eta eguneroko bizitzara zuzenduta dago.  Behin barneratuta erabiliko diren oinarriak (asteburu batean egiten den aurkezpen batean egiten da hau), zuzenean ekiten zaie eguneroko bizitzan kokatutako ariketei. Ariketok, Lanari berari esker gradualki gorantza doan kontzientzia-maila jakin batean kokaturik egiten dira. Jarduera hauen jarraipena eta orientazioa ADCAko tutoreek egiten dute eposta bitartez. Era honetako komunikazioa oso malgua da eta, aldi berean, ikasle bakoitzaz behar den azkartasunez eta arretaz arduratzea ahalbidetzen du. Modu honetan, erraz antzeman eta lagundu ahal da bakoitzaren garapena.

Normalean elkartrukea astean behinekoa izaten da. Asteroko erritmo hori osatzeko badira mintegi eta tailer presentzial gutxi batzuk. Horietan alde zehatzetan sakontzen da edota gerora epostaz jarraituko diren lan-ildo berriak irekitzen dira.

Proposamen honen helburuak asmo handikoak dira eta, ondorioz, nolabaiteko dedikazioa eskatzen dute; baina, era berean, pentsatuta daude familiako, laneko eta gizarte mailako betebeharrekin bateragarriak izateko. Halere, bistan da funtzio hauek betetzeko gutxieneko autoesijentzia maila bat behar dela. Beraz, kontua ez da astia izatea baizik eta prestutasuna izatea gizarteak normalean eskatzen diguna baino esnatuago bizitzeko. Esnatuago eta egiten dugunaz kontzienteago. 

Laburbilduz, alternatiba erreal, praktikoa, erabilgarria eta kontrastatzeko modukoa aurkezten dugu, bide honetatik jakiteko zer garen eta horrela erabaki ahal izateko zein den gure eginkizuna munduan.